2025(e)ko abenduaren 16(a), asteartea

GARIKOITZ PLAZAOLARI ELKARRIZKETA

 Kaixo! Gaur Garikoitz Plazaola elkarrizketatuko dugu. Garikoitz guretzat ezaguna da, Ernaitzan lan egiten duelako, eta galdera batzuk egingo dizkiogu hobeto ezagutzeko. Hasiko gara?



-Zerk eraman zintuen dendan lanean hastera?

-Ni berez dendan bigarren belaunaldia naiz, alegia nire gurasoek ireki zuten denda; orduan nik denda umetatik ezagutu dut. Ni 8 urterekin kobratzen hasi nintzen, batuketak egiten paperean, eta orduan betidanik ezagutu dut eta egia da dendatik kanpora ere lanean aritu nintzela bolada batean, baina azkenean gurasoen bidetik jarraitzea erabaki nuen.


-Zein urtetan ireki zen Ernaitza denda?

-Oker ez banago 1975ean, abuztu bukaeran edo iraila hasieran izan zen.


-Zergatik du Ernaitza izena zure dendak?

-Aralarren dagoen leku baten izena da, Zaldibin zehazki, eta guk han familia daukagu. Baserri bat da, baina erabakitzeko unean izen ezberdinak hartu ziren kontuan: Ernaitza batetik, etxean gustuko zuten eta bestetik istoriatxo bat duen benta bat izan zen. Ernaitza

bera erre egin zen eta bi gauza horiek izan ziren: izena eta izana, eta Ernaitzaren alde apustua egin zuten.



-Urteko zein sasoietan saltzen da gehien?

Bi sasoietan: kurtso hasieran, uztaila, abuztua eta iraila, eta abenduan eta urtarrilean.


-Egunerokoan zein da gehien saltzen duzun produktua?

Egunkariak eta aldizkariak egunero kontsumetzen direlako eta ez direlako oso garestiak.


-Noizbait pentsatu duzu denda beste norbaiti uztea?

Egia esan,momentuz ez dut pentsatu baina egia da nire egoera kontuan izanik, alegia, nik ez daukat seme alabarik eta ezin dut pentsatu hurrengo belaunaldiak nik egin egin nuen bezala, jarraituko duenik. Momenturen batean pentsatu beharko da hori ere.


-Non ikusten duzu zure burua hemendik 10 urtetara?

Nik hemendik 10 urtetara izango ditut 60 urte baino gehiago eta ez dut uste erretiroa hartuko dudanik. Osasunak laguntzen badit,  lehen esan didazuen galderaren inguruan pentsatzen ariko naiz: zer egin dendarekin, erreleboa bilatu edo ez…


-Orain online salmentak areagotzen ari dira, arriskuan ikusten al duzu liburu denden egoera?

Egia da, eta zuek badakizue ondo gurasoen bidez erosiko dituzuelako gauzak online, badela gauzak erosteko bide gero eta garrantzitsuagoa. Guk ere badaukagu web gune bat baina inork gutxik daki badaukagula eta online salmentak egin ditzakegula. Baina garraio mailan ez ditugu plataforma handiek dituzten erraztasunak. Alegia porteak eta ordaindu behar dira, eta nahiz eta oso kupo handiak ez izan, plataforma handi-handietan baina pixka bat altuagoak dira. Dena den, guk egia esan ez dugu lehenetsi on line salmenta. Batetik, galdera horri zuzen erantzunez edo zehatz erantzunez noski sortzen dutela on line salmentek arriskua, baina ez Ernaitzak bakarrik, baizik eta komertzio guztiek. Zergatik? Batetik, oso erosoa delako etxean zaudela botoi bati ematea eta esatea hemendik 2 egunetara edo 3 egunetara jasoko dugu produktua etxean. Hori erosoa da dudarik gabe, eta bestetik ohitura handia hartu dugulako gizartean on line erosketak egiteko eta orokorrean pantaila bidez ahalik eta gauza gehien egiteko. Batzuetan ez dira konturatzen eta agian prezioa eta erosotasuna bakarrik begiratzen da. Hala ere, askotan pakete horiek jasotzeko arazoak egoten dira. Bestetik, Interneten iritziak daude eta begiratu dezakezu erosleek esan dutena; kasu batzuetan zintzoak dira eta batzuetan interesgarriak izan daitezke iritziak. Baina denetik dago, batzuetan produktuaren inguruko gomendioak eta laguntzak izaten dira.


Hau izan da dena. Eskerrik asko Garikoitz , gure galderei erantzuteagatik. Oso lagungarria izan da gure proiektua burutzeko. Mila esker eta ondo izan.






 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina