Kaixo! Gaur Joxe Mari Oiartzabal elkarrizketatuko dugu. Joxe Mari guretzat ezaguna da, Andoaingo ereserkiaren musika sortu zuelako beste abesti askoren artean, eta galdera batzuk egingo dizkioigu hobeto ezagutzeko. Hasiko gara?
Nondik datorkizu musikari sena?
Etxetik datorkit, nire aita musikaria zen, soinujolea eta baita tronpetista ere.. Etxean txikitatik hasi nintzen berarekin musika ikasten.
Txikitan zer izan nahi zenuen?
Egia esan, txikitan jolasen ibiltzen nintzen, ez nekien zer izan nahi nuen. Handitzen joan nintzen, baina ofizioaren inguruan hamar urterekin pentsatzen hasi nintzen eta musikaria izan nahi nuela konturatu nintzen.
Noiz jakin zenuen musikari izan nahi zenuela?
Andoainen hasi nintzen ikasketak egiten, bost urterekin eskola nazionaletan. Gero, La Sallen hasi nintzen zazpi urterekin eta azterketa bat egin zidaten biderketei, zatiketei, batuketei eta kenketei buruzkoa. Alberto Agirreren klasean solfeoa ikasten hasi nintzen, beraz bost urterekin hasi nintzen eskolan eta musika munduan.
Zaila da musikari lana? Zergatik?
Kontua ez da erraza edo zaila izatea, lehengo garaian aita medikua bazen semea medikua izaten zen… Nire kasuan, aita musikaria zenez, semea ere musikaria. Hala ere, hainbat urtetan delineante moduan egin nuen lan Komaken.
Musikari ez bazina, zer izango zinateke?
Nire ustez artzain izango nintzen. Natura oso gustuko dut eta mendian gau bat pasatzea izugarria litzateke. Bestela, bertsolaritzaren inguruko zerbait, hori ere asko gustatzen zait.
Jubilatu ondoren musikari izaten jarraitzen duzu. Zer dela eta?
Musika nortasunean sartzen den zerbait da, zure bizi guztian zurekin dator. Azkenean nire barruan dago musika, eta kaletik ere abesten joaten naiz. Horregatik, ezin izan dut utzi.
Hau izan da dena. Eskerrik asko, Joxe Mari, gure galderei erantzuteagatik. Ondo izan!
Elkarrizketa entzuteko egin klik hemen, eta Joxemariren proiektu gehiagori buruz jakin nahi izanez gero, egin klik hemen.